XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Elizako bide-erakusleek Plutarkoren ideiak berritu zituzten. Garizumako baraualdietan egokitzat jo zuten haiek arrain-jatea. Horrek, haien ustez, haragikeriari, grina gaiztoei, erotismoari galga jartzen zien, haragi gorri, koipetsu, beroa jatearen ondorioak horiek, botere eta indarraren sinbolo, finean. Arraina janari ona zen; haragia, txarra.

Arraina baraualdietan jateak damua esan nahi zuen, nekaldia, Kristok jasandakoaren imitaziozko pairamena. Oso goiz jo zuten arraina barau-egunetarako janari erakotzat; Niceako Kontzilioaren ondoren (325.ean bera) barau-egunak baraualdi bilakatu ziren, Garizuma hain zuzen, berrogei egun haragirik gabe.

Egun horien multzoa, ortodoxia indartu ahala, ugalduz joan zen, eta urtero 150 eta 170 eguneko izatera ere iritsi zen. Denbora gehiegi, noski, barazkiak eta arraultzak janda bizitzeko. Eta berriro ea non agertzen den arraina, berez eta geografiaz mugak dituen janaria.

Garbiketa, zaharberritze eta pizkundealdiak egoteak beste ikuspegi moralak ere badauzka, ez horregatik garrantzi gutxiagokoak. Barau-egunak eta janari-mota bat jartzen badira denentzat derrigorrezkoak, sinestedun guztiak berdinak ageriko zaizkigu Jainkoaren aurrean ezezik, baita lurrean bertan ere, berrogei egunetan badarik ere.

Giza mailak, zeinek bere tokia handitasunez, sabeldarraiokeriaz eta jakien garestitasunez neurtzen baitzuten, berdindurik geratuko ziren horrela: denek arraina jan behar zuten. Behiki, ardiki, zerriki edo ehizakia jatea, handitasun seinale, debekaturik zegoen.

Horretaz gain, denek berdina jan eta denek berdin ordaintzen zuten janariaren truke, aurreragoxe ikusiko dugun bezala itxuraz bakarrik. Garizuma eta arraina biak bat bihurtzen dira eta leku guztietara iritsiko zen arrain fresko edo gazitua, ibaikoa izan edo itsasokoa bestela.

Truke-moneta izatera pasa zen, komertzial ferietan balore nagusi eta kristau egutegiko zenbait egunetan unibertsala ere bai. Legatza, bakailaoa, harenka, hegaluzea, sardinak eta antxoak uretatik atera eta salgai jartzen ziren, freskorik ezin bazen, aldaketa-prozesu ezberdinetatik igaroz gero. Den-denak helburu bera zuen: Jainkoagana iristea.

3. Transformazio-prozesuak

Arrainaren transformazio-prozesuetan bereiztu behar dira giza kontsumoa helburu duten moduak, batetik; eta bestelakoak dituztenak, bestetik. Hala ere, janaritarako lan egiten dutenak hartuko ditugu, batez ere, kontuan; ekintza transformatzaileak horretarako erabilitako kopurua eta berak duen antolamendua berezi-bereziak baitira.

Era berean, transformazio-prozesua non egiten den ikusirik, bi leku defini ditzakegu: itsasontzia, batetik; eta lehorreko lantegiak, bestetik. Azken horiek kostaldean egon daitezke kokaturik, arrantzatokietatik gertu, edota arrainen deskarga-portuetan. Aipatutako modu guztiak Euskal Herrian ezagunak dira, Erdi Aroaz geroztik.

Arrainaren transformazio-prozesuak, Hiribilduetako eta Hirietako Herri-Ordenantzetan araututa zeudenak, elikagai ez ziren produktuak sortzeko zirenean, Ternuako lantegietan eramaten ziren aurrera. Balea ehizatu eta gero, lantegira eramaten zuten, kostaldean kokaturik bera, eta han adreiluzko eta buztinezko labeak eraikitzen zituzten estalpeetan, galdarak eta pertzak jartzen ziren animaliaren koipea jasotzeko.

Ondoren, koipea barriketaratu, lubrifikariak eta xaboiak egiteko. Bizarrak ere landuak izaten ziren, gerruntzeak eta kapeluak egiteko erabiltzen ziren; erraiak, azkenik, zimaur egiteko ziren.

Udaberritik negura bitarte, itsasontzi, gizon eta baliabide franko erabiltzen zituzten lanbide horretan. Eta mugaz harantzagokoek eta honantzagokoek esku hartzen zuten lan horietan. XVII. mendearen bukaera arte iraun zuten lantegi haiek.

1635.ean Francisco Sopitek, jatorriz Ziburukoa, koipea itsasontzietan urtzeko modua asmatu zuen, adreiluzko eta buztinezko labeak, baita galdarak ere bertan jarriz. Ternuako lantegiek garrantzi handia izan zuten, gipuzkoar ekonomiaren giltza bihurtu ziren, halako moldez non edozein egoera politiko edo ekonomiko kaltegarrik eragin zuzena baitzuen Probintziako ekonomian.

Beraz, XVIII. mendea izugarri txarra izango da jarduera horretarako, baita Gipuzkoarentzat ere. Ternuako arrantzatokien galerak gain-behera jarri baitzuen gipuzkoar arraintza eta bere inguruko jarduera. Mende horretako azken laurdenean itsas bazterreko arrantzara mugatuko da bera eta kontserbagintza gorabeheratsua eta bakankakoa izango da.

Bizkaia ez zen atzean geratuko. Bizkaitarrek ere esku hartu zuten arrantzatokietan, baina batez ere beren kostaldean ehizatzen zituzten baleen industriagintzan aritu ziren. Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Plentzia, Elantxobe, Arminza eta Ea aipatu behar, zein bere neurrian aritu baitziren baleagintzan.

Arraina elikai gisa oso erabilia izan da aspalditik. Oso erraz galtzen denez, arrantzale-herriek barnealdeko zein atzerriko azoketan saldu arte arrain-kontserbatzeko baliabide eta teknika ezberdinak asmatu behar izan zituzten. Bai fresko eutsi nahi zen arrainari nola tratatua izango zenari zegozkien aipatu teknikak.

Kontserbatze-teknikak hasierako artisau-tekniketatik abiaturik, keztatze-teknikatik alegia, berehala garatu ziren, gaur egungo industria-sistema konplexuetara iristeko. Izan ere, Ipar Europako lurralde hotzetan keztatu egiten zuten arraina, berari iraunarazteko.

Grezia Klasikoan eta Erroma Inperialean bat baino gehiago ziren arrain-produktuei iraunarazteko sistemak. Frantzia karolingiarrean, esaterako, botereak bizitegiak bultzatu zituen, arrain fresko ugari edukitzeko asmoz.

Gugandik gertuago, Al Andalusen, sikbay-a jaten zuten, eskabetxezko haragi edo arrainaren gisatu ekialdekoa, al mujallal izenekoa, gure binagreta. Iskebey-tik hartu zuten portugaldarrek escaveche hitza, gaztelaniaz escabeche.

Kataluniako Itsas eta ibaietako arrantzatokien ugaritasunak arrantza eta kontserbagintza jarduera finkoak eta zabalduak zirela erakusten du. Oro har, arrain-kontserbagintzak sekulako garrantzia izan zuen Europan, irtenbide egokia baitzen oso, arraina barnealdeko herrietara onean eramateko.